BERTON ETA EUSKAL DANTZA EKIMENA

BERTON 🤝🏻Alkartasuna

Maiatzean zehar Alkartasuna Dantza Taldeak arropa, material eta musika-instrumentuen erakusketa bat antolatuko du.

BERTONeko 40 establezimendutako erakusleihoetan aurrerapena egon da ikusgai apirilaren 28tik maiatzaren 6ra.
ALKARTASUNA DANTZA TALDEKO erakusketa, maiatzaren 7tik 16ra izango da Nestor Basterretxea Aretoan.

Urte berezia da, denontzat ezagun diren kontuengatik

Baina urte berezia da, berez ere, Alkartasuna Dantza Taldeko kideentzat. Izan ere, 45 urte betetzen dira taldea sortu zenetik, hain urrun eta desberdin ikusten den 1976 hartatik.

Aukeran, beste era batera ospatu nahiko zuten dantza taldeko partaideek hain ospakizun garrantzitsu hau: elkarrekin dantzatuz, herriari euren dantzak eta soinuak eskainiz, urte hauetan zehar taldeko parte izan direnekin elkartuz… Egoerak, baina, ez du hau guztia posible egiten.

Ekimen horien artean kokatzen da datorren maiatzaren 7tik 16ra Nestor Basterretxea aretoan egitekoa den arropa, material eta instrumentuen erakusketa. Bertan, Euskal Herriko folklorean hain errotuta dauden hainbat elementu desberdin erakusteko asmoa dute.

Eta hain ospakizun berezi honetarako, bidelaguna ere aurkitu dute Alkartasunakoek. Izan ere, BERTON Bermeoko txiki-erdi enpresen elkartearen laguntza izango dute proiektu hau aurrera eroateko. Herriko 40 establezimendu inguru izango dira aurrerago erakusketan erakusgai egongo diren arropa, material zein musika-instrumentu desberdinen lehenengo geldialdia, astebete luzez izango baitira herriko hainbat erakusleihotan ikusgai.

Garrantzitsua iritzi diote Alkartasuna Dantza taldekoek herriko merkataritzarekin bat egiteko bideak jorratzeari, erakusketa herrira gehiago zabaltzeko modu bat ere izan daitekeelakoan. Gainera, garaiotan, herriko dendetan kontsumitzearen aldeko apustua ere garrantzitsua delakoan daude, eta ekimen zehatz honen harira BERTONek erakutsi duen borondatea eskertu nahi izan dute.