Bermeon badago zer egiterik begiratzeaz eta miresteaz gain. Bermeon jaiak herrikoiak eta tradizino handikoak dira.
Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak (Bermeoko Jai Nagusiak)
Jaiak, irailaren 7an hasten dira, gaueko txupinazoagaz. Lehen jai eguna, irailaren 8a da, Almikako Andra Mari eguna, bai Bermeo zein Almika auzoko zaindaria dalako. Irailaren 9an, arrantzale eguna ospatzen da. Egun honetan, jende guztia mahonezko janzten da, eta kolore urdin iluna herrian nonahi ikusten da. Irailaren 10ean, Andra Mari hirugarrena ospatzen da.
Jai honeek, hilaren 16an amaitzen dira, Santa Eufemia egunean. Egun honetan baserritarren eguna ospatzen da azoka bat be antolatuz .
Bermeoko Jaiak
Bermeoko jaietan, herritarren parte hartze handia egoten da eta ekintza ugari antolatzen dira, sukalki eguna, ume eta nagusien danborradak, estropadak, pelota partidak, herri kirolak, bertsolari saioak, musika eta antzerki saio ezberdinak, e.a.
Ganera Bermeon, hainbat jai ospatzen dira urtean zehar
San Juan Eguna
Ekainaren 23an, bermeotarrak su handi baten inguruan batzen dira Sabino Arana enparantzan, San Juan kantak abesteko eta dantza taldearen sorgin dantzea ikusteko.
San Juan eguna, ekainaren 24an ospatzen da eta bermeotar ugari joaten dira oinez Gaztelugatxeko Donienera eta bertan mezea entzuten dabe.
Madalen Eguna
Garagarrilaren 22an ospatzen da Madalen Eguna. Bezperatik Baztarre aldea janzten da jaiz. Madalen egunean, Santa Eufemian mezea entzun eta gero, udalbatza Izarora joaten da Bermeoko banderea eta Ikurrina ipintera bere gailurrean. Gero, itsasontzi ofizialetik alkateak teila bat botaten dau itsasora esaldi hau esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak”. Holan, urtero ziurtatzen da Izaro ugartea Bermeorena dala.
Madalen eguna
Protokoloak agintzen dauen ekitaldi hau burutu eta gero, udalbatza eta jente guztia Elantxobera doaz. Hango alkateak kaian itxaroten deutso Bermeokoari eta bere makilea emoten deutso, udalerrian dagoan bitartean berak euki daian. Arratsaldean Mundakarantz egingo dabe, bertako alkateak hartzen dauz eta harek be bere makilea emongo deutso Bermeoko alkateari. Mundakako udaletxean ekitaldia egin eta gero, barriro itzultzen da udalbatza Bermeora. Portura helduta udaletxera joaten dira Madalenaren Zortziko ederraren nota artean. Jaiak jarraitzen dau gaua giroz betez.
Beste Jai Batzuk
Nahiz eta itsasertzeko herria izan, Bermeok badaukaz hainbat Baserri eta auzo, horreetan be euren santuen jaiak ospatzen dira:
-
KANDELARIO EGUNA Otsailaren 2an
Demiku Auzoa -
SAN ISIDRO Maiatzaren 15ean
Arranotegi Auzoa -
SAN JUAN Ekainaren 24an
Arane San Pelaio Gibelortzagakoa -
AMA BIRJINA KARMENGOA Uztailaren 16an
Mañu Auzoa -
SAN ROKE Abuztuaren 16an
Tala -
ANDRA MARI ALMIKAKOA Irailaren 8an
Almika Auzoa -
SAN MIGEL Irailaren 29an
San Migel Auzoa -
SAN FRANTZISKO Urriaren 4an
Agirre Auzoa -
SAN ANDRES Azaroaren 30ean
San Andres Auzoa
Auzo honeetan, ekintza ugari antolatzen dira, mezak, herri kirolak, erromeriak, txapelketa ugari… Herritar asko erakartzen dabez auzoetako eta kaleetako jaiek.