Bermeori buruz ezagutzen diran idatzizko barririk goiztiarrenak XI. mendekoak dira. Iñigo Lopez, “Ezkerra”, Bizkaiko lehen jaunak eta beraren emazte Toda andreak Gaztelugatxeko, Bakioko eta Bermeoko etxalde batzuk San Juan de la Peña monasterioari emoterakoan egin zana da. Handik urte batzuetara, 1082an, barriro agertu zan Bermeo izena, Lope Iñiguezek, bigarren jaunak, eta beraren emazteak, Tekla andreak, San Millán de la Cogollako monasterioari eleizea emoterakoan “Sancti Miehaelis Areangel in Portu de Vermelio” ipini ebenean. Agiriok Bermeoren antxinatasuna erakusten deuskue, baina askoz be urrunagora be joan geintekez.

Bermeoko Armarria

Bermeoko Armarria

Lope Diaz de Haro Bizkaiko jaunak emon eutsan Logroñoko Forua, eta uri izentau eban, agiriak ez dauka datarik, baina badirudi 1239an egin zala. Alfontso Jakintsua erregeak, Orozkoko haraneko Unzueta gazteluaren setioan egoanean, 1277ko abuztuaren 12an, aurreko foru hori berretsi eban. Geroago 1285eko martxoaren 18an, Lope Diaz de Harok, Bizkaiko zortzigarren jaunak, zabaldu eban forua 1366ko apirilaren 25ean emon eutsan pribilegioari esker.

Bizkaiko jaun batzuek, artean Gaztelako erregeak be bazirala, Bermeoko Santa Eufemia eleizan sinatu ebezan lege zaharrak edo foruak. Euren artean Fernando Errege Katolikoak, 1476ko garagarrilaren 31n. Horrexek emon eutson Bermeori “Bizkaiko Buru” izena, egun haretan emoniko pribilegioaren bidez. Eta izen bera gorde eban, legez eta merituz, 1602.urtera arte. Urte haretan, Bilboko eta Bizkaiko beste erakundeetako agintariek eta handikiek ezin ebenez jasan Bermeok eukan gorentasuna eukitea, jarritako auzi luzearen ondorioz, Bizkaiko Buru izaten jarraitzeko ahalmena kendu eutsien Bermeori.

Baina, Bermeok, zalanbait, beste uri eta elizateakazko lehentasuna eukiten jarraitu eban, izan be berak eukan lehengo anbotoa eta jarlekua Batzar Nagusietan. Bermeoko prokuradoreek Batzar Nagusietan berba egiten ebenean bertan egozan besteak txapela kentzen eben. Gaur egun Bermeoko harmarrian agertzen dan agure-buru bizardunak justizia osoz nabarmentzen eta iraunarazoten dau Bermeori ostu eutsien titulua.

Portuzarra

Portuzarra

Bermeok garrantzia handia euki eban sasoi haretan, eta horren erakusgarri dira Bizkaiko jaunek eta erregeak emon eutsiezan pribilegioak eta zerga-salbuezpenak. Zoritxarrez, Bermeon izan ziran suteen ondorioz, horreek dokumentu danak erre egin ziran, baina, halanda be, hareen dokumentuen zenbaki zerrendak ondo baino hobeto dakiguz, baita noiz emon ziran be. Horrek erakusten dau uri honek prestigio handia euki ebala eta jaunen aldekotasuna eukala.

Bizkaiko bandokideen arteko borrokek erabat asaldau eben Bermeoko bizimodua XV. mendean, eta horren aurreko mendeetan jasan ebazan suteen eraginez (1297., 1347., 1360. eta 1422.urtean), lur jota geratu zan udalerria. Ondorioz, Bermeoko bizilagun kopuruak eten barik egin eban behera. Beste alde batetik, 1300. urtean Bilbo sortu izanak be handitu egin eban Bermeoren gainbehera.

Geroago be izan ziran sute gehiago, eta hareetako batek, oso-osorik erre eban uria. Horreek suteek atsekabea eta zoritxarra ekarri eben Bermeora, uriaren biziraupena bera be arriskuan ipinteraino. Jasandako guztia gorabehera, Bermeo beraren garrantzia mantentzeko gai izan zan XVI. mendean be, horren adibideak izan leitekez honeek: 1527ko apirilaren 7an Kofradiako ordenantzak berretsi ebazala; Carlos V.a erregeak “zorragaitik edo finantzeagaitik ez bada bermeotarrik ez bertako merkantziak ez Bermeora datorren atzerritarrik ez beraren merkantziarik ez atxilotzeko” pribilegioa berrestea 1546. urteko martiaren 10ean Madrilen, eta Paulo IV.a aita santuak, 1563. urteko bulda bidez, San Frantzisko eleizeari emon eutsan jubileua.

Dana dala, esan behar da, Bermeok, XVI. mende osoan, eta zoritxar danak gainditu ostean, “arrantza-merkataritza” bikoiztu egin ebala, hau da, Bilboko portuagazko betiko borroka mantentzeko gai izan zala.

Bermeoko uria 1398 urtean

Bermeoko uria 1398 urtean

XVIII. mendeagaz batera ailegau zan Bermeora berpizkunde garaia, batez be, arrantzearen garapenean oinarrituriko berpizkundea izan zan, ordura arte merkataritzeagaz batera garatu ebana. Arrantza jardunari ekin eutsan barriro be eta, ondorioz, kaietako, kaleetako, eraikinetako, erreketako, harri-lubetako… eraikuntza jardun garrantzitsua egin eben. Ondorioz, urigintzea ikaragarri garatu zan eta, horren eraginez, baita bizilagun kopurua handitu be. Arraina gatzuretan ipinteko lantegi asko eta asko sortu ziran, baita arrantzeagaz zerikusia eukien industriak eta ontziolak be. Ontzioletan, era berean, erriberako arotzak eta itsasarotzak egozan.

1872. urte inguruan, Napoleonen inbasinoak eta karlistaldiek eragindako asaldurak gainditu ostean, goraldi ikaragarria izan eban Bermeok, izan be, arrain harrapaketa handiei esker, ekonomiaren egoerak nabarmen egin eban gora. Horreri esker, azpiegitura eta eraikuntza obra garrantzitsuak egin ahal izan ziran, baita zerbitzu publikoetan be, eta horreetako asko zutunik dagoz gaur egun be. Udaletxearen zaharbarritzea, hiltegi zaharra eta Andra Mari eleizea, esate baterako, sasoi haretakoak dira. Horreri esker, Bizkaiko herririk jendetsuenetan bigarrena eta egoera ekonomiko onenekoa zan Bermeo, Bilboren atzetik, jakina.

Portua

Portua

XX. mendean Bermeok inoiz baino kementsuago ekin eutsan itsasoari, aurrerapen teknologiko danak hartu ebazan. Horreri esker, loraldi garai ezin hobea bizi izan eban, eta bajurako arrantzako abangoardian jarraitu eban bertoko floteak. Alturako flotea be oso garrantzitsua izan da eta da, eta arrantzaindustriarako egitura ezin hobea dauka.

Bermeoko portu bereziak, alde zaharrak, bainurako kala txikiek, arrain fresko ezin hobeagaz landutako sukaldaritzeak, negu epel eta uda ez oso beroek Bizkaiko turismo-leku trankil eta erakargarrienetako bat bihurtzen dabe herria. Eta horretaz ganera, arrantzako tradizinoak sakon-sakon erroturik daukazan herri euskalduna da Bermeo.

 

Go to top
JSN Boot template designed by JoomlaShine.com