1239. urtean uria sortu zanetik, Bermeok oso historia aberatsa euki dau. Horren erakusgarri dira, esate baterako, alde zaharrean dagozan monumentu ugariak, eta, horreetako batzuk, ganera, MONUMENTU HISTORIKO ARTISTIKOA izendapena jaso dabe:

KLAUSTROA

San Frantzisko eleizan dago eta Monumentu Historiko Artistikoa da, gotiko estilokoa. Bizkaiko zaharrenetakoa ez ezik, gaur egun geratzen dan bakarrenetakoa be bada. Don Tellok eta Juana Larak, Bizkaiko Jaun-Andreek eskatuta egin zan, 1357an. Historian zehar hainbat aldaketa egin deutsiez eta, horreetako batean, esaterako, handizkako merkatu be bihurtu eben, gaur egunean errehabilitatuta dago. San Frantzisko komentuan, besteak beste, honeek be azpimarratzekoak dira: hilobiak, kapilak eta sarrerako arkuan dagozan ehiza irudiak. Bizkaiko gizonezkoen komenturik zaharrena dogu.

Klaustroa

Klaustroa

ERTZILLA TORREA

Monumentu Historiko Artistikoa. Portuzarraren ganean dago. Bizkaiko herrietako alde zaharretan geratzen diren torre bakarrenetako bat da. 1500. urteko estilo gotikokoa da. Hainbat aldaketa euki dauz historian zehar eta, gaur egun, Arrantzaleen Museoa da.

PORTU ZAHARREKO ITURRIAK

Carlos I. Enperadorearen sasoian eraikia, XVI. mendean. Goiko aldean, nahiko narriatuta bada ere, Bermeoko armarria agertzen da, enperadorearena eta Bizkaiko Jaurerrikoa. 1931. urtean itxi zen behin betiko, urak kutsatu egin zirelako.

ANDRA MARI ELEIZA

Monumentu Historiko Artistikoa. Talan egoan izen bereko eliza jausi zanean eregi zan hau. Sabino Arana Goiri plazan dago, udaletxearen aurrez aurre. 1823. urtean hasi ziran eregiten, eta 1858rako amaitu eben arren, 1866. urtean edegi eben gurtzarako. Planoak Silvestre Perezenak dira eta margoak, barriz, Urangarenak. Neoklasikoa da.

Andra Mari Eleiza

Andra Mari Eleiza

SANTA EUFEMIA

Zin-eleizea da. Bermeoko eleizarik zaharrena ei da. Leihoek, ateek eta gangako nerbiodurak erakusten daben moduan, tenplu gotikoa da. Oso interesgarriak dira bizantiar estiloko kurutzea, marmol zuriko behe-erliebea, eta Mendozatarren sepulturea, gotiko loretsukoa. 1995ean Monumentu Historiko Artistiko izentau eben.

SAN JUAN PORTALE Bermeo.

XlV. mendean, Bermeoren osperik handieneko garaian, harresia ipini eben uriaren inguruan, defentsarako. Harresiak zazpi ate eukazan, baina gaur egun hauxe baino ez da geratzen. Oso deigarriak dira harresiaren egiturea eta zabalerea.

San Juan Portale

San Juan Portale

UDALETXEA

Sabino Arana Goiri enparantzan dago, eta 1732. urtean eregi eben. Fatxadan eguzki-erloju bi daukaz. Udaletxea be Monumentu Historiko Artistikoa da.

KIKUNBERA ETXEA

“Euskal Arrazionalismoaren” barruan sartu geinke etxe hau. Egitureak itsasontzi baten antza dauka. 1995ean Monumentu Historiko Artistiko izentau eben.

ALDE ZAHARRA

Erdi Aroko kutsua daukien kolore askotako arrantzale etxez inguratuta dagoz portu zaharra, kaleak eta enparantzak.

 

Go to top
JSN Boot template designed by JoomlaShine.com